12/01/2012

Cuadra Bus-ek “2012. urteko Enpresa” saria jaso du lineaz kanpoko garraioaren kategorian

Idoia Cuadra konpainiaren kudeatzailea Garraio sektore osoak emandako saria jaso zuen. Antolatzailea Autobuses & Autocares aldizkaria izan zen eta Sustapen Ministerioko Zuzendari Nagusi Manel Villalantek eman zion.

premio2012

Sari horiek Tecnipublicaciones Taldeak eta sektoreko erreferentzia den Autobuses & Autocares aldizkariak antolatzen dituzte 1992tik. Horien asmoa da Espainian bidaiarien garraio-operadoreek egiten duten lana aintzat hartzea negozioaren hiru ataletan: zerbitzu erregularra, lineaz kanpokoa eta hiriko garraioa.

Urtarrilaren 12an, osteguna, izandako ekitaldian, Sustapen Ministerioko Zuzendari Nagusi Manel Villalantek lineaz kanpoko garraioaren kategorian Cuadra Bus-i aitortza egiten dion saria eman zieten José Luis Cuadra Roqueñi Cuadra Bus-eko presidenteari eta Idoia Cuadra  konpainiaren kudeatzaileari.

Sarituen artean beste hauek ere izan ziren: Autocares Julián de Castro, garraio erregularraren kategorian, Compañía de Vehículos CTM hiri-garraioan, eta Autobuses Urbanos Ángel Herrera PYME-Lineaz kanpoko garraioaren kategorian.

Cuadra Bus-en ibilbidea orain dela 45 urte baino gehiago hasi zen, José Luis Cuadra eta bere emaztearen eskutik. Gaur egun enpresa honek EAEn dihardu lanean -Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan-; 125 langile ditu eta, batez beste, 5 urteko adina dute autobusek. Gainera, gehienak mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude.

Cuadra Bus enpresa aitzindaria da bere Kalitate sistema, Ingurumen eta laneko arriskuen prebentzioari dagozkion Ziurtagirietan; garraio zerbitzuen Kalitate ziurtagiri espezifikoa duen enpresa bakarra da EAEn, hots, UNE 13816 delakoa, eskola-garraioa, langileena, Eguneko Zentroena eta lineaz kanpokoa (txangoak eta bidaiak) ziurtatzen duena, hain zuzen. Prozesu horren baitan, etengabeko hobekuntzan ari da FQM Europako aitortza lortzeko.

Enpresaren Gizarte Erantzukizunarekin duen konpromisoa dela-eta, Emakundek emandako Berdintasunaren bereizgarria lortu du orain dela gutxi; horrez gain,  Euskalduntze plana eta eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleentzako prestakuntza plana ezarri ditu.

2012 urteari hasiera emateko, Urteko Enpresa izendatu berri duten honek hiri-zerbitzu berri bati ekingo dio Bergaran; horretarako, GLPz dabiltzan bi ibilgailu erabiliko ditu. Zerbitzu hori abian jarrita, Cuadra Bus Gipuzkoan hedatuz doa, eta Euskadin lehenengo aldiz, gas likidotuz dabiltzan ibilgailuak erabiliko ditu pertsonak garraiatzeko. Gasolinarekin konparatuta, %50eko aurrezpena dakar erregai horrek, ez du ia zaratarik egiten, eta CO2 isurpenak nabarmen gutxitzen dira.

Aspaldion ekonomiari buruzko albisteak datu ekonomiko txarrei lotuta heltzen zaizkigu eta horrek ezkutatu egiten du enpresa-sarea egiten ari den ahalegina, kalitatean, erantzukizunean eta konpromisoan, betiere erakunde horietako giza taldeen esfortzu handiarekin. Orain Cuadra Bus-ek egindako lan hori aitortu dute eta “2012. urteko Enpresa” izatearen bereizgarria izango du gozagarri.

Ikusi albistea El Correon